Unitate didaktikoak

Zeu ere artista! > Ipuinak

Heresiaren mugak — Unai Iturriaga

“Entzuidazu ume”, esan dit osaba Bittorrek. “Eta ez esan “ume” ez deitzeko, ze, Kurutziagako gurutzeari buruz berba egin behar badugu neu ume nintzen garaia baino atzerago jo behar dugu-eta!”. Osaba Bittor serio jartzen denean hobe ahoa itxi eta begi-belarriei zabalik eutsi.

XVI. mendean frai Alfonso Mella izeneko frantziskotar batek erilijio kristauaren gaineko ohiz kanpoko predikuak zabaldu zituen Durangaldean. Predikuok ez ziren ez elizako agintari gorenen ezta hiribilduko agintarien gustukoak izan, batzuen zein besteen aginte modua salatzen baitzuten.

Agintariak ez baina durangoko eta inguruetako hainbat lagun batu ei zitzaizkion Alfonso Mellari bidean, herritar xeheak gehienbat. Eleizak eta Gaztelako koroak errotik moztu gura izan zuten ustezko zalaparta hura eta 1441.ean eta 1444.ean izandako bi epaiketaren ondorioz hainbat lagun atxilotu zituzten. Danetariko zigorrak ezarri zizkieten eta horietako ehun inguru erreta hiltzera kondenatu zituzten heresia egotzita. Kondenatuetako hamahiru Kurutziagako errebalean erre ei zituzten. Hortik dator Kurutziagako gurutzearen jatorriaren gaineko usterik hedatuena: heresia horren ondorioz, pekamenezko monumentu gisa eraiki zutela.

Beste batzuk diote gurutzea ez dela hiribilduaren mugak argi adierazteko mugarri landu eta dotore bat baino.

Nik neuk, irudipena dut batean zein bestean, funtzioa berbera dela: mugak ezartzea. Heresiaren kasuan agintariek eurena ez den iritziari mugak jarriz. Mugarriarenean bisitariak ulertu zezan hiribilduko muga zeharkatzean txanponak prest izan behar zituela.

“Txanponak zertarako, Osaba?” galdetu orduko betaurrekoak kendu eta jertsearen muturrarekin garbitzen hasi da. Amua irentsi dudan seinale. “ Hara, ume. Batetik garai batean Durangon salgaiekin sartu gura zuenak ordaindu egin behar izaten zuelako. Eta, bestetik, lehen zein orain, gura beste txanpon izanez gero beti delako errazagoa surtatik libratzea”.

Ikaslearen txokoa

Garapena eta diseinua iametza interaktiboa