Unitate didaktikoak

Ogibideak > Ipuinak

Hiribilduko ogibideak erdi aroan — Unai Iturriaga

Zarratu begiak, ume, eta imajinatu gaur egungo Durangoko alde zaharra beste modu batean. Kaleak estuagoak dira, ez dago espaloirik eta zorua lurrezkoa da. Etxeetako teilatuen hegalek ia elkar jotzen dute kale ilun eta hezeak sortuz. Etxe gehienak bi solairutakoak dira: behean tailerra edo denda dute eta goian etxebizitza. Tailer eta dendetako salgaiak kalean jarritako mahaietan eskaintzen dituzte.

Artisauak dira nagusi- Batetik oihalgileak daude, arropetarako eta bestelako erabileretarako ohialak egiten dituztenak. Ardi merinoaren artilea erabiltzen dute. Artilea garbitzetik hasi eta tindatzerainoko pausu guztietaz arduratzen dira.

Burdingileena zen beste ogibide nagusietako bat. Hiribilduaz kanpo zeuden errenterietan pisatu ostean, etxabeetan zituzten tailerretara iristen ziren lingoteak, behin bertan, labeetan eraldatzeko. Burdingileen artean ere hainbat ogibide bereizten ziren: baziren armagileak, iltzegileak, zartaginak eta bestelako lanabesak egiten zituztenak…

Baziren baita danetariko salgaiak garraiatzen zuten mandazainak ere. Bai lehengaiak (artilea, burdina, jakiak…) hiribildura ekartzeaz arduratzen zirenak eta baita hauek eraldatu ostean, izan itsas-portuetara zein mesetarantza, garraiatzeko zeregina zutenak.

Lanak jana eskatzen baitu, garai hartako Durangon ere baziren sabela betetzeko jeneroa saltzeaz arduratzen zienak. Hala, harakinek inguruko abeltzainek hazitako hazienden haragia saltzen zuten, behi eta ahariena nagusiki.

Arrainaren salmentan merkatariek eta mandazainek ere parte hartu arren, aipatzekoak dira portuetatik arrain-otzarekin etortzen ziren emakumeak.

Eta merkatariak, jakina. Durangon bertan jeneroa sal-erosteaz eta itsas-portuetatik edo mesetatik lehengaiak ekartzeaz arduratzen ziren. Durangok Gaztelatik itsas-portuetara bidean (Bilbo, Bermeo…) kokapen estrategikoa zuenez, hainbat merkatarik diru-poltsak majo betetzen zituzten orduan ere.

Ostalariak, botikariak, bizargileak, zilargileak, margolariak… Horiek eta imajina ditzakezun hainbeste ogibide biltzen ziren hasierako Durangoko hiribildu hartan. Pentsatuko duzunez, kale estu eta gerizpetsu haietan ez zen atzera-aurrera eta zalapartarik faltako.

Ikaslearen txokoa

Garapena eta diseinua iametza interaktiboa