Unitate didaktikoak

Jaiak eta ospakizunak > Ipuinak

Txomin askogura — Unai Iturriaga

Aspaldi handian, koloreak zazpi eta urtaroak lau direla esaten hasi baino lehenago, jendea bizi zen lur hauetan. Eguzki begian zeuden muinoetan bizi ziren, lurrak emankorrak zirelako han eta inor asmo txarrekin etor baletor, urrundik ikusi zezaketelako. Inorena dena harrapatzeko ohitura maltzur hori, ume, ez delako gaur egungoa bakarrik.

Kontuak kontu, ordenagailurik eta mugikorrik barik bizi arren, ez ziren aspertzen gure aurrekoak. Lurrak zer emango, zuhaitzetatik ze fruitu batuko eta animaliak zelan gizenduko, horiexek zituzten bizimoduko ardurak. Jana lana zela bai baitzekiten, eta pazientzia lako zientziarik ez zegoela ere bai.

Eguzkiak eta ilargiak, haizeak, euriak edo elurrak ez zuten hiru egun lehenago abisatzen, gaur egunean legez eta, hala ere, ikasi zuten noiz hartzen duen lurrak atseden, noiz behar den erein, noiz bildu eta noiz egin jai. Jai egiten ez dakienak ez baitaki lan egiten ere!

Gure amamaren berramamaren amamak kontatzen ei zuen izan zela behinola Txomin Askogura izeneko morroi bat. Bere galsoroak inorenak baino gehiago eman behar zuela eta, eguzkia goren gorenean zegoenean kordel batekin lotu eta bere lurrak berotzen jartzea otu ei zitzaion. Besteek atseden hartzen zuten bitartean, eguzkia muinoaren atzealdean erortzean harrapatuko zuelakoan zegoen. Eta halaxe, kordela hartu eta muinoaren bestaldera joan zen eguzkia harrapatu asmoz. Muinoaren atzealdean beste muino bat ordea, eta gero beste bat eta beste bat eta beste bat… Auzokoek ez ei zuten gehiago Txomin Askoguraren berririk izan. Eguzkia ostera, biharamunean ohiko lekutik agertu zen.

Geroztik, eguzkia goren-gorenean zegoenean, auzokoak suaren bueltan batu ohi ziren jai egiteko. Kanta eta dantza, lantzean behin suaren gainetik salto eginez, Txomin Askogurari kantatzen zioten: “Txomin Askogura, neguan logura, zu baino lehenago etorri da uda!”.

Ikaslearen txokoa

Garapena eta diseinua iametza interaktiboa