Unitate didaktikoak

Gure hizkuntzak > Ipuinak

Osaba Bittor — Unai Iturriaga

Ez da eskolako lanak egitea ez dudala gustuko. Kontua da, lana zein den edo gaia zein den, gurasoek askotan esaten didatela, “Galdetu egiozu Osaba Bittorri”. Eta Osaba Bittor geure solairu berean atez-ate bizi den arren, beti egoten da atalondoko harrizko bankuan jesarrita. Beno, beti ez, arratsaldetan, ze, goizez lo egiten du gauez ez duelako egiten baina hori esplikatuko dizuet hurrengo batean.

Egia esan, Osaba Bittor ez da nire osaba. Ez dakit zergatik deitzen diogun osaba Osaba Bittorri. Gurasoek jakingo dute zergatik. Gauza asko dira nik ez dakizkidanak. Baina gurasoek ere ez dakizkite beste asko, e! Horregatik bidaltzen naute Osaba Bittorrengana. Eta ni pozarren joaten naiz ze, Osaba Bittor kalean egoten da, atalondoko harrizko bankuan jesarrita, eta niri kalean egotea gustatzen zait.

“Zer dakarzu gaurkoan, ume?”. “Ume” esaten dit beti Osaba Bittorrek eta niri ez zait batere gustatzen baina hori gero esango diot, ze, orain, galdera baten erantzuna behar dut eta, lehenengoa lehenengo, eta bigarrena bigarren.

“Zer hizkuntza hitzegiten zen Durangon lehen?” galdetu diot. “Lehen eta orain, lurra behean eta zerua goian”. Askotan, lehenengora behintzat, ez diot ezer ulertzen Osaba Bittorri. “Entzun, ume”. “Ume?!”. Berriro “Ume” esaten badu, banoa etxera!

“Erregeren batek Durango Durango zela erabaki zuen garaian, aspaldi, hiru ziren hizkuntzarik nabarmenenak: lurrean, herri xeheak, gehiengoak, euskara zerabilen. Jauregietan eta gorteko paperetan, erromantzea, gaurko gazteleraren berraitite zena. Eta, zerurako pasajeak saltzen zituzten eleizetan, latina”. “Baina, zeruak ba al dauka, bada, hizkuntza propiorik?”. “Jakina!”. “Latina?” galdetu diot nik. “Haizearen hizkuntza, ume, haizearena!… Fiuuuu! Fiuuuu!”. Eta barrezka hasi da. Niri hasieran ez dit graziarik egin baina badaezpada neuk ere barre egin dut beste galdera bat neukalako eta hobe delako Osaba Bittor umorez harrapatu haserre baino.

“Orduan, Osaba Bittor, euskara lurraren hizkuntza da?”. Osaba Bittorrek betaurrekoak kendu eta jertsearen muturrarekin garbitu ditu. Beti egiten du keinu hori beretzako garrantzitsua den zerbait esan behar duenean. “Hara, ume, hizkuntza guztiak dira lurrarenak. Arazoa hizkuntza baten gainean lurra botatzen denean sortzen da. Baina ez dira hizkuntzak elkar estaltzen dutenak, ume, hiztunak baizik”.

Gero, betaurrekoak sudur gainean kokatu eta zerura begira geratu da.

“Eskerrik asko, Osaba Bittor”, esan diot. “Ez horregatik, ume”. Sutu egin naiz eta bota egin diot azkenean:“Ni ez naiz umea, aditu!”.

“Ui! Ui! Ui!… Zenbat haize! Fiu! Fiu! Fiu!…”.

Ikaslearen txokoa

Garapena eta diseinua iametza interaktiboa