Unitate didaktikoak

Durangoko Bonbardaketa > Irakurgaiak

Bonbardaketa

1937ko martxoaren 31n, euskal gizartea beldurtzeko eta lurraldeak irabazten joateko asmoz, gizarte zibilaren aurkako bonbardaketa masiboa egin zuten Durangon. Ordura arte Europan kasik ikusi gabeko eraso mota izan zen.

Francoren menpeko Mola militar jeneralak agindu zuen Durangoko bonbardaketa, eta atzerritik laguntza jaso zuen: Italiako Aviazione Legionariako soldaduek burutu zuten aire erasoa. 336 pertsona inguru hil ziren, eta zaurituak ere asko izan ziren. 225 etxe inguruk izan zituzten kalteak. 244 bonba eta 11.600 kilotik gora leherkari erabili zituzten erasoan.

 

Hauxe da bonbardaketaren kronologia:

 

Martxoak 31

» 07:00 Soriatik eta Logroñotik 9 bonbaketari eta 18 ehiza hegazkin atera ziren. Batzuk Elorriorantz joan ziren, besteak Durangora. Bat Soriara bueltatu zen arazo mekanikoengatik.

» 08:30 Elorrion 50 kiloko 88 bonba jaurti zituzten. Gutxienez 7 lagun hil zituzten.

» 08:30 Durangon Kurutzesantuko ermitan jausi ziren lehen bonbak, eta Kurutziagako kurutzea bota zuten. Jesuiten San Jose elizan, mezan zeudela 27 pertsona hil ziren. Santa Susanako komentuan 13 moja hil ziren. Andra Marian elizkizuna eta merkatua zeudenez, jende ugari hil zen. Gainera, Alde Zaharreko hainbat etxe suntsitu zituzten.

» 17:30 Arratsaldean beste erasoaldi bat egin zuten faxistek. Tren geltokian bonbak jaurti zituzten, eta hildakoak kanposanturantz eramaten ari ziren jendeari tiro egin zioten airetik.

 

Apirilak 2

» Ezkurdi, Batzokia, Andra Mariko basilika, San Agustineko ospitalea eta tren geltokia bonbardatu zituzten.

 

Apirilak 4

» Beste eraso gogor bat bota zuten hegazkin italiarrek. Ordurako Durango ia hutsik zegoen.

 

Bonbardaketari buruzko informazio guzti hori jasotzen lan handia egin du Gerediaga elkarteak, Jon Irazabal historialariak gidatuta. Informazio gehiago, udalaren web gunearen ondoko helbidean: turismodurango.net/recorrido-sobre-el bombardeo

 

Ikaslearen txokoa

Garapena eta diseinua iametza interaktiboa